XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ongi zekien Itziar-ek berandu etxeratu zela eta jazkiak aldatzeko betarik gabe abiatu zen sukaldera, ama bertan aurkituko zuelako uste osoan.

Benitok, berari jarraitu zion irribarrez eta beti bezala herrenka.

- Zure ama, ez da etxean - esan zion sukaldera iristean.

- Ez dela etxean? Non da ba?.

- Norbait etorri zaio bila eta orain dela gutxi irten du.

- Baina, norako asmoan irten duenik? - Niri behintzat, ez dit ezertxo esan.

- Eta afaria? - Gaurkoan, ez duzu lan haundirik izango afaria prestatzen.

Une honetan behintzak, zu eta ni bakarrik gara etxean.

Halako ikara bat sentitu zuen unean Itziar-ek, Benitoren azken hitzak entzutean.

Ez zekien zertan hasi ere, sukaldeko atearen kontra irribarrez zen gizonezko haren aurrean.

- Baina, zure ama, ez al da etxean? - Ez nire ama, ez aita....

Ez da zure ama ere.

Biok bakarrik garela esan dizut - azken hitzak esatean, bazirudin irribarraren ordez nolabaiteko nahia nabaritzen zitzaiola nagusiaren semeari aurpegian.

Pozik alde egingo zuen une hartan Itziar-ek sukaldetik, bertako ate zuloa ia zeharo betetzen zuela Benito izan ez bazen bertan, baina lortu ezinezko nahia alde batera utzirik, ekin zion lanari, aurreko amantal bat gerrian loturik.

- Eskatu bazidazun, lagunduko nizun mantal hori gerrian lotzen - esanaz hurreratu zitzaion Benito.

- Oraindik ez dut inoren beharrik horrelako gauzak egiteko.

- Hortarako ez, baina zure gorputzari neurriak hartzeko bai, itxura denez behintzat.

Zertarako duzu bestela beti zure ondoan Kotxeroko Inazio? - Zuri zer axola dizu?.